XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez zituen Ateneoko zibilak tamainako erabakian nahasi nahi.

Korridorean, kriseilu dardarti baten argitara, inoiz baino zurbilagoa zirudien, lokietako zain ttiki denak leherzori.

Sakon hartu zuen arnasa bi-hiru bider.

Beheko ezpainaz goikoari ausiki egiten zion behin eta berriz, behekoaren indarrez goikoaren tolestura gehiegizkoa lixatu nahi balu bezala.

Zalantzan zegoen.

- Bagara ala ez gara? zalantza hitz bihurtu zuen.

García Hernándezi begiratu zion zuzenean.

Sarri esaten zuen bere buruarengatik imbécil hutsa zela, makulurik gabeko koittadua, kapitainkidearen babesarik ezean.

Erokeria non zedarritu behar izaten zuela.

Bazekien García Hernándezen berezko kokilak gizonezko gotorrari egiten ziola leku egoki xaxatzean.

Bazekien bagara ala ez gara atakan jartzean, bazirela erantzungo zuela; ez gara erantzutea oso-oso koldarren edo oso-oso ausarten esku baino ez baitzegoen.

- Zirt edo zart egiteko unea hauxe da.

Atzera ala aurrera? tenkatu zuen haria.

García Hernándezen begi urdinek ez zuten inon sosegurik hartzen Galán-en beltzenen ihesi.

Labaka sarjentua sartu zitzaien tartean.

- Eta Madrildik etortzekoa zenak istripuren bat izan badu?

- Istripua? jostorraztu zitzaizkion niniak Galán-i. Bigarrena?